Udako Ikastaroak :: Internet

Wikipedia-Wikimedia editatoia 2021: zeharkako gaitasunak lantzeko akuilu.

  • Izaera: Presentziala
  • Ordu kopurua: 7.00 ordu
  • Matrikula-epearen hasiera: 2021(e)ko maiatzaren 17a
  • Matrikula-epearen bukaera: 2021(e)ko uztailaren 9a

Euskal Wikipedia elikatzeko ekimenak oso egokiak dira unibertsitateko ikasleek zeharkako gaitasun zenbaitetan trebatzeko (ikus UPV/EHUren Zeharkako gaitasunen dekalogoa, 2019): Komunikazioan, Gizarte Konpromisoan, baita Informazioaren Kudeaketa eta Herritartasun Digitalean ere. Azken batean, Wikipediako artikulu bat lantzean, idaztean eta editatzean, honako gaitasun hauek bereganatzen dituzte parte-hartzaileek:

1) Erregistro espezializatuetan trebatzea (Komunikazioa). Euskal Wikipediak ekarpen handia egiten dio euskararen garapen lexiko-diskurtsiboari, denetariko gaiei buruzko informazioa eskaintzen baitu, bereziki espezialitate-alor guztietako gai espezializatuei buruzkoa. Egun edozein kontzeptu espezializaturi buruzko zalantzak argitzeko, Wikipediara jotzen dugu, eta bilatzen ari garen informazioa euskaraz aurkitzeak balio sinboliko handia izateaz gain, terminologia eta fraseologia espezializatuaren hedapen eta finkapenerako urrats garrantzitsua da.

2) Interneteko baliabideak eta komunikazio digitala (Informazioaren Kudeaketa eta Herritartasun Digitala). Azken urteotan ugaritu dira Interneten hizkuntzaren inguruko hainbat alderdiri buruzko kontsultak egiteko baliabide digitalak (hiztegi orokorrak, hiztegi terminologikoak, corpusak, datu-baseak…). Baliabide horiek egoki eta kritikoki erabiltzeko gaitasuna lantzea funtsezkoa da, ikasleek terminologia eta fraseologia espezializatuari dagozkion erabakiak hartzeko irizpideak gara ditzaten.

3) Euskararen garapenean ekarpena egitearen kontzientzia sustatzea (Gizarte konpromisoa). Unibertsitateko ikasleei Wikipedia aberasteko prozesuan trebatzeak laguntzen die erregistro espezializatuen garapenean eta normalizazioan duten erantzukizunaz kontzientzia hartzen eta ekarpen hori egiteko gaitasun lexiko-diskurtsiboak garatzen.

4) Genero-ikuspegia zehar-lerrotzat hartzea (Gizarte konpromisoa). Genero-ikuspegiaren inguruko gogoetak zein ikuspegiak lantzeko aukera ematen du Wikipediako artikulu bat lantzeak, hainbat alderditan: edukiaren hautuan, ikusgaitasuna bermatzeko irizpideetan, erabaki lexiko-diskurtsiboetan…

.

Tailer hau EWKErekin, UPV/EHUren Euskal Hizkuntza eta Komunikazioa sailarekin eta Tabakalerarekin elkarlanean antolatu da.

Helburuak

  • Testu entziklopedikoen (Wikipedia-testuen) komunikazio-parametroez jabetzea.
  • Euskal Wikipediak/Wikimediak euskararen alor espezializatuetako garapen lexiko-diskurtsiboan eginiko ekarpenaz jabetzea.
  • Jakintza-alorraren araberako terminoen osaeraz eta aldakortasunaz kontzientzia hartzea.
  • Terminoen euskal ordainak hiztegietan, terminologia datu-baseetan eta corpusetan bilatzea, eta emaitzak kritikoki interpretatzen trebatzea.
  • Genero-ikuspegia, bai edukien hautaketan bai erabaki lexiko-diskurtsiboetan.
  • Wikipedian/Wikimedian editatzeko oinarriak ezagutzea eta praktikatzea.

Metodologia

  • Hitzaldi laburrak eta lan praktikoa.
  • Modu kolaboratiboan egingo dute lan parte-hartzaileek, idazketa- eta edizio-tailerretan.
  • Norberaren interesen araberako proiektu batean parte hartzea.

Nori zuzendua

  • Erregistro espezializatuen garapenean eta normalizazioan interesa duen edonori.
  • Wikipedian/Wikidatan parte hartu nahi duen edonori.
  • Gai baten inguruan interesa/ezagutza edukitzea nahikoa da parte hartzeko.

Egitaraua

2021-07-16
Ordua Edukiak Irakaslea
10:00-10:05

Ongi etorria eta ikastaroaren aurkezpena.

  • UEU
  • EHKS
  • EWKE
  • TBK
10:05-11:30

Wikipedia eta euskararen garapen lexiko-diskurtsiboa: lau ainguratze.

  • Wikipedia, testu entziklopedikoen biltegia. Ines Garcia Azkoaga, (UPV/EHUko irakaslea, Euskal Hizkuntza eta Komunikazioa saila).
  • Erregistro akademikoen garapenerako eragile aktibo izateko zenbait oinarri. Igone Zabala Unzalu, (UPV/EHUko irakaslea, Euskal Hizkuntza eta Komunikazioa saila).
  • Gaitasun digitalak eta Interneteko baliabideak. Itziar Gonzalez-Dios, (UPV/EHUko irakaslea, Euskal Hizkuntza eta Komunikazioa saila).
  • Wikipedia elikatzeko manerak: gogoetak genero-ikuspegitik. Iratxe Retolaza Gutierrez, Emagin elkarteko kidea eta UEUko kidea.
11:30-12:00

Atsedenaldia.

12:00-14:00

Nabigazio-orriak: garapen lexiko-diskurtsiboa eta kontsulta-tresnak.

  • Goizeko tailerrean Wikipediako artikulu bat editatzean kontuan hartu beharreko alderdi lexiko-diskurtsiboak bereganatzeko jarduera praktikoak egingo dira (kontsulta-tresnak erabiltzeko moduez zein bideez gogoeta egitearekin batera).
14:00-15:00

Bazkaltzeko tartea.

15:00-17:00

Arratsaldeko tailerrak.

  • Wikipedia editatzen.
  • Wikipedian artikuluak osatzen hizkuntza-aholkulariaren laguntzarekin.
  • Aurkezpena: Wiki-erreferentzietan txarto jasotako izen-deiturak automatikoki zuzentzeko programa. Ekhi Azurmendi.

Matrikulaziorako argibideak

  • Matrikulatu aukera sakatu (goian izenburuaren azpian) eta han agertutako zaizun fitxa bete.
  • Matrikula-orria bete ondoren, mezu bat jasoko duzu zure posta elektronikoan, matrikularen eta ordainketaren inguruko argibideekin.
  • Ez baduzu mezurik jasotzen, akatsen bat izan da. Horrela bada, jarri gurekin harremanetan: 943 82 14 26, i.iciar@ueu.eus, (Irati).
  • Hemen UEUren matrikulazio-araudi orokorra.
  • Diru-laguntzen informazioa.

Oharrak

ORDENAGAILU ERAMANGARRIA

Tailerretan parte hartzeko, partaideak bere ordenagailu eramangarria ekarri beharko du.

.

COVID-19 izurrite egoeran ikastetxeek jarraitu beharreko prebentzio-, segurtasun- eta higiene-neurri berdinak jarraituko dira gure egoitza eta jardueretan. Hona argibideak: UEUren prebentzio-neurriak.