Irakasleen formakuntza :: Hizkuntzalaritza, Glotodidaktika, Hezkuntza

782 Hizkuntza arloko arazo-egoerak eta proiektuak sortzen DBHn

  • Hasiera-data: 2020(e)ko urriaren 13a
  • Amaiera-data: 2020(e)ko azaroaren 13a
  • Tokia: Ikasgela Birtuala
  • Ordutegia: Astean zehar. 00:00-24:00
  • Izaera: On-line
  • Ordu kopurua: 30.00 ordu

Matrikulazio epea: 2020ko irailaren 1etik irailaren 15era, biak barne. IRAKASLEGUNEA atarian

Indarrean den hezkuntza curriculumak zehazten duenez, arazo-egoeretan oinarritutako irakaskuntzaren aplikazioak mesede egiten dio ikasketa esanguratsuari. Nolanahi ere den, nahasi egin ohi dira arazo-egoeretan oinarritutako irakaskuntza, proiektuetan oinarritutakoa... Bada,ikastaro honetan zalantza horiek argitzea da xede nagusia, bai eta ikastaroan landutakoaren arabera nork bere ikastetxean inplementatzeko moduko sekuentzia-didaktiko bat sortzea ere.

Irakasleak

  • Nora Aranberri Monasterio

    Itzulpengintzan doktorea, UPV/EHUko IXA taldeko ikerlaria Lengoaia eta Sistema Informatikoak Sailean. Ikerlerro nagusia: ezagutza linguistikoaren garapena eta integrazioa itzulpen automatikoko sistemetarako, eta hauen ebaluazioa.

    unibertsitatea.net atarian duzue irakasleari egindako elkarrizketa.

  • Mari Mar Boillos Pereira

    Hispaniar Filologia doktorea. UPV/EHU irakasle atxikia.

  • Miren Ibarluzea Santisteban

    Itzulpengintza eta interpretazioan doktorea, masterra Euskal Fililogia eta Hizkuntzalaritzan,Bordeleko Unibertsitateko lektorea. UPV/EHU irakaslea.

  • Eneko Zuloaga San Roman

    Euskal Filologian doktorea. UPV/EHUko irakaslea.

Helburuak

  • Arazo-egoeretan oinarritutako metodologiaren oinarriak ezagutzea eta proiektuetan oinarritutako metodologiarekin erkatzea.
  • Arazo-egoeretan oinarritutako irakaskuntza aplikatzearen indarguneak eta ahulguneak identifikatzea eta taldean gogoeta egitea.
  • Irakasle gisa egunerokoan bizi ditugun errealitateetan metodologia honek duen lekua eta izan dezakeen eragina aurreikustea (aukerak eta mehatxuak) eta taldean gogoeta egitea.
  • Metodologiaren bideragarritasunari buruzko sintesi bat egitea AMIA taula baten bidez.
  • Ikaskideen errealitateei begiratuta, aplikazio-aniztasunari buruzko gogoeta egitea taldean.
  • Arazo-egoeretan oinarritutako sekuentzia didaktikoak aztertzea eta ezaugarri nagusiak identifikatzea.
  • Nork bere testuingurura egokitutako sekuentzia bat sortzea.
  • Kide batek egindako sekuentzia aztertzea eta ebaluatzea.

 

Edukiak

- Arazo-egoerak: ikasleen beharrizanen azterketan oinarritutako arazoen diseinua. Testuinguru komunikatiboa zehaztearen garrantzia.

- POI (Proiektuetan Oinarritutako Ikaskuntza) / PBL (Project Based Learning): hizkuntzaren lanketa testuinguratua, hizkuntza gainerako jakintza-eremuekin batera landuz. Non kokatzen da hizkuntz zuzentasuna metodologia honekin?

- Oinarrizko konpetentziak: hizkuntza- eta literatura-komunikaziorako konpetentzia eta gainerako konpetentziak EAEko bi hizkuntza ofizialetan zein atzerriko hizkuntzan.

- Zeharkako gaitasunak: proiektuak eta arazoak lantzeak zeharkako gaitasunen irakaskuntza ahalbidetuko du (Hitzez, hitzik gabe eta modu digitalean komunikatzeko konpetentzia; Ikasten eta pentsatzen ikasteko konpetentzia, besteak beste).

  • Urteko programazioa: nola txertatu metodologia ikasturte osoko programazio batean.
  • Ebaluazioa: metodologiaren filosofiarekin bat egiten duten ebaluazio-sistemak aztertu. Autoebaluazioa, elkarren arteko ebaluazioa eta irakaslearen ebaluazioa. Errubrikak eta autozuzentzeko tresnak.

 

Metodologia

Ikastaroa online motakoa izango da, eta ikastaroa emateko Moodle irakaskuntza-plataforma batean oinarrituta dagoen UEUko Ikasgela Birtuala erabiliko da.

Halatan, ikastaroak alde teorikoa eta praktikoa uztartuko ditu, ikaskuntza-prozesuari eta gaitasunei garrantzia handia eskainiz. Funtsean, “eginez ikastea” da ikastaroaren planteamendua. Lehenik eta behin, egiten dugunaren gaineko hausnarketatik abiatuta, ereduak aztertu eta taldekideen arteko eztabaida bideratuta nork bere proiektua sortuko du eta besteenak aztertu eta iradokizunak egingo ditu. Zehazki, arazo-egoerak eta proiektuak sortzen oinarritutako metodologiak erabiliko dira, hartara praktikaren bidez jasoko du nola egiten den lan metodologia honetan. Gainera, metodologia honek sustatu egiten du ikaslea gai izatea, praktikaren inguruko hausnarketan oinarrituta, ikasgelan ikaskuntza-prozesuak ikertzeko, berritzeko, garatzeko eta ebaluatzeko.

Matrikulaziorako argibideak

Eskaera telematikoki egingo da, Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Saileko aplikaziora jota, IRAKASLEGUNEA atarian. Ikastetxe publikoetako nahiz itunpeko ikastetxeetako langileak sar daitezke han.

Garatu

Babesleak

  • Eusko Jaurlaritza.Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa saila