Irakasleen formakuntza :: Hezkuntza, Psikologia
Matrikulazio epea: 2019ko irailaren 9tik 27ra arte, biak barne. IRAKASLEGUNEA
Aurretik gertatutakoaren oinordekoak gara. Zenbait kulturetan garrantzitsuagoa da nondik gatozen zein garen baino. Garai batean identitatea ez zen ezaugarri indibidualetan oinarritzen baizik eta jatorriaren arabera eraikitzen zen, nongoa zinen, nondik zentozen. Egungo kulturan, gure oinordekotza ikuspegi historikotik jorratzen da. Norbera zein den jakiteko, aurretik bizi izan ziren oinordekoek zer egin zuten jakitea beharrezkoa izanik. Ikuspegi batean ala bestean, gure aurre historia, arbasoak zein ziren jakitea gure identitatearen definizioan garrantzia duen elementua da, gure auto-identitatean eta gure autoestimuan.
Pertsona arrunten bizi esperientziak garrantzitsuak dira. Norberaren autobiografia egitea garrantzitsua da. Askotan gizonak bakarrik dira biografia bat merezi duten pertsonaiak. Emakumeen bizi esperientziak ez dira biografia bat eraikitzerainokoak bihurtzen. Askotan emakumeen bizitzak tradizio patriarkaleko eremuetan gertatzen dira eta emakumeak ez dira protagonista sentitzen baizik eta beraien bizitzetako protagonistak gizonezkoak dira.
Gure histori familiarra, ezagutzen joaten gara, mitoen, bertsio ofizial eta extraofizial, sekretu, txutxu-mutxu eta abarren bidez, baita isiltasunen bidez eta hauek sortutako tabuen bidez ere. Norberak, bide guzti hauetatik, bere bizi esperientzia eta parte-hartzearen ondorioz historia familiarra ezagutzen du. Guzti honetan eragina izango du, formazioak, behaketa eta iniziatibarako
gaitasunak, sare sozialetan hartzen dugun tokiak, hierarkiek... Honela familiako kide bakoitzak ere bere bertsio propioa sortzen du familiaren historiaz.
Modernitateak indibidualizazioa ekarri du eta pertsona delimitatzeko molde berriak. Ardura indibiduala, betebehar eta eskubide indibidualak, askatasun indibidualak. Indibidualizazio honek, autokontzientzia eta jende arruntaren bizitza garrantzitsua denaren ideia ekarri digu. Norberaren bizitza besteengandik bereizten saiatzen gara eta gure bizitza gure egiten duten bizipenak, sentimenduak eta abar markatzeko, gordetzeko, sailkatzeko ohitura haratu dugu. Egunerokoak, argazki albumak, pelikulak, etxeko grabazioak, marrazkiak, ziurtagiriak, diplomak, tituluak eta errekonozimenduak... baita identitate dokumentu ofizialak ere. Modernitatean hasi garen pertsonentzat garrantzitsua da ebidentziak, oroitzapenak, frogak nahiz bizitzaren testigantzak jasotzea eta izatea. Hala ere emakume askok beraien identitate hau markatzen duten bitartekorik ez dute sortzen. Askotan emakume hauen bizitzak tradizio patriarkalak markatzen ditu. Emakumeok askotan, gure historiaren kontzientziarik ez dugu, alegia, gure istorioa garrantzitsua dela ez dugu sinesten.
Kultura eta Historia emakumeon ikuspegitik arakatu nahi dugu bloke honetan. Hain juxtu emakumeon ibilbide eta ekarpen kultural nahiz historikoari jarriko diogu arreta. Beraiek egindako lanari esker baikara gu ere garenak.
Emakumeon ekarpenen inguruko ikerlan, bilduma eta azterketa zenbait badauden arren, oraindik badago bakoitzak zer arakatu eta zer ulertu. Bide horretan saiakera bat da ikastaro hau, orain arte bildutako zenbait informazio, testigantza, testu eta metodologia feminista konpartitzeko helburua eta nahia dugu.
Ikastaroaren metodologia oso praktikoa izango da, helburua norberak bere ikastetxean Gizarte Zientziak hezkidetza ikuspegitik lantzeko proiektu bat egitea delako; eta guztion arten, Gizarte Zientzietan zeharka berdintasun ikuspegia lantzen den praktika onen bankua osatzea delako. Praktikotasunari dagokionez, horrek inpaktu zuzena izango du norberaren hezkuntza ekosistema propioan, hau da, komunitatean.
Ikastaro amaieran, proiektu horiek taldean partekatuko dira eta praktika onen bankua baita ere, elkarren arteko esperientzietatik ikasteko eta material gehigarria eskuratzeko.
Gainera, unitate didaktikoak eta praktika onen bankuak ekarriko dituzten emaitzek, lotura zuzena izango dute etapa guztietako haurrek eskuratuko dituzten konpetentziekin. Zehazki, “Oinarrizko Hezkuntzako Curriculuma (Heziberri 2020)”-k barnebiltzen dituen oinarrizko zehar-konpetentzia eta diziplina barneko konpetentzia askorekin.
Emagin.
1. BLOKEA: FEMINISMOAREN OINARRIAK.
2. BLOKEA: GURE GENEOLOGIA FEMINISTAK.
3. BLOKEA: ERRORA JOZ: HEZKUNTZA ETA HEZKIDETZA.
4. BLOKEA: AURRERA GOAZ: ESTRATEGIA EZBERDINAK.
5. BLOKEA: PROIEKTUAREN ETA PRAKTIKA ONEN BANKUAREN DISEINUA
6. BLOKEA: PROIEKTUAREN AURKEZPENA, PRAKTIKA ONEN BANKUAREN AURKEZPENA ETA EBALUAZIOA.
lkastaroa on-line motakoa izango da eta, horretarako, Moodle irakaskuntza-plataforman oinarrituta dagoen UEUren “Ikasgela Birtuala” erabiliko da.
lkastaroa parte-hartzailea izango da, eta teoria bizi esperientzietan eta eguneroko lan jardunean kokatzea izango du helburu, hausnarketa pertsonalak elkarbanatzean oinarrituz.
Oinarri kontzeptualak idatzizko zein ikus-entzunezko materialen bidez landuko dira. Ondoren, lan pertsonala beharrezkoa izango da, hausnarketa pertsonaletatik kolektiboetara salto egiteko, horretarako baliabide teknologikoak erabiliz. Honetarako, talde-dinamiketan (foroetan) norberaren iritzi, hausnarketa, esperientzia edota zalantzak ikaskideekin partekatzeko aukera izango da, taldeari modu eraikitzailean eraginez.
Aldi berean, gure helburua ikastaroan zehar landutako edukiak martxan jartzea izango da, horretarako, batetik, parte hartzaile bakoitzari, bere eguneroko errealitatean aurrera eramateko, ordu kopuru zehatzeko lanketa bat proposatuko diogu. Ikasleek momentu oro irakaslearen jarraipena eta tutoretza izango dute. Lanketa horren xedea, norberaren ikastetxean gaia lantzeko unitate didaktikoa sortzea izango da.
Bestetik, talde guztiaren artean, gaiaren inguruko praktika onen bankua osatzea proposatuko diegu. Honetan ere, irakasleak bide lagun izango dituzte.
Beraz, ikastaroa amaitzeko proiektu honen memoria aurkeztea eta praktika onen bankuaren osaketan parte hartzea ezinbestekoa izango da. Ondoren, ikasle guztien artean partekatuko dira unitate didaktiko guztiak eta praktika onen bankua, elkarren arteko esperientzietatik ikasteko eta material gehigarria eskuratzeko.
Irakasleak orokorrean
Eskaera telematikoki egingo da, Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Saileko aplikaziora jota, IRAKASLEGUNEA atarian. Ikastetxe publikoetako nahiz itunpeko ikastetxeetako langileak sar daitezke han.
Eusko Jaurlaritza.Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa saila