Ikastaroak :: Historia
Ikastaroa on-line izango da. Ikasgelako saio bi izango ditu, ikastaroaren hasiera-egunean, urriaren 28an, 17:30etatik 20:00etara lehenengoa, eta ikastaroaren amaieran, azaroaren 25ean, bigarrena.
Oroimen historikoa da iraganari buruz gaur ulertzen duguna eta gure etorkizunean eragina izango duena. Kasu honetan, 1936ko estatu-kolpearen ondorioz etorritako gerra eta ondorengoko diktadura faxistaren garaia aztertzen duen prozesua da eta gizarte-mugimenduen eskutik etorri zen orain dela 10-15 urte. Gauzak horrela, ikastaro hau Euskal Herriko eskuratze-prozesuari buruzko SARRERA bat da, non fenomenoaren nondik norakoak azalduko ditugun, eta nazioarteko ereduak gogoan izanda, eskuratzearen garrantzia azpimarratuko dugun, genero ikuspegia ahaztu barik.
Kazetaritzan lizentziatua. Ikertzaile doktoregaia. Oroimen Historikoaren eskuratze-lanetan dihardu.
Ikastaroa b-learning motakoa izango da, hau da, ikasgelako saioak eta on-line irakaskuntza konbinatuko da. Ikastaroa on-line bideratuko da irakaslearen etengabeko gidaritzapean, baina hasieran aurrez aurreko saioa izango du. Ikaskuntza-irakaskuntza metodologia honen bidez ikasleen parte-hartzea bultzatuko da.
Oinarri teorikoak lantzeaz gain, hausnarketa eta eztabaida bultzatuko dira. Horretarako, garaiko euskarazko prentsaren bidez, Ipar eta Hego Euskal Herriko une historikoak aztertuko ditugu: 1931ko Errepublikaren ezaugarriak (emakumeentzako boto-eskubidea, adibidez), Euzkadiko Estatutuaren tramitazioa, Agirre lehendakariaren kargu-hartzea, euskal kulturaren loraldia… Hiru hedabide kontsultatuko ditugu: Argia astekaria (euskaltzalea, Donostia), Eskualduna astekaria (nazien aldekoa, Iparraldea) eta Eguna egunkaria (Euzkadiko Jaurlaritzaren aldekoa, Bilbo).
Era berean, ikus-entzunezko materialaren bidez, prozesu historikoaren alde humanoari erreparatuko diogu. Besteak beste, honakoak erabiliko ditugu: Durango, oroimenaren gogoan dokumentala (Errepublikari buruzkoa), Zerutik sua dator dokumentala (1937ko Bizkaiko bonbardaketak), Udaberririk ankerrena komikia (herriaren erresistentzia eta, nazionalen etorrerarekin batera, elkarbizitzaren amaiera) eta Egiaren Hazia & Lekukoen Oroimena (Mendebaldeko Saharan aurkitutako lehenengo hilobiei buruzko dokumentalak).
Irakaskuntza ertaineko irakasleei eta gaian aditua izan barik interesa duen orori.
Homologazio kodea: 1468348050