Ikastaroak :: Argazkigintza, Dokumentazioa
Ikastaroa larunbatetan izango da: martxoaren 15ean, 22an, 29an eta apirilaren 5ean eta 12an.
Ikastaroaren hasieran hitzaren eta irudiaren oihartzuna landuko dugu. Bakoitzaren indarraz jabeturik, bien arteko harremanak jorratuko ditugu.
Punta-puntako argazkilarien lan egiteko erak aztertuko ditugu, baliabide nagusiei etekina nola ateratzen dieten jakiteko (espazioa, denbora, ekintza, egitura, narratzailea, etab).
Horrez gain, argazkiak eta testuak lantzeko eta uztartzeko hainbat adibide ere ikusiko ditugu.
Ikastaroaren beste zutabeetako bat nire egikera izango da. Nik egindako lan batzuei errepasoa eginez, erabilitako baliabideen berri emango dut (gaiak, estiloak, estrategiak, eta abar).
Azkenik, zutaberik praktikoenaren txanda iritsiko da: ikasleen egikera. Ikastaroan ikusitakoaz eta entzundakoaz jabetzeko, bakoitzak bere lanari ekin beharko dio. Bere kontakizuna egiteko, ikasleak ideiak antolatu beharko ditu lehenik eta behin; gero, argazkiak egin beharko ditu (aurrez egindako lan bati forma emateko aukera ere eskainiko dut); ondoren, argazkiak (eta testua ere nahi izanez gero) antolatu egin beharko ditu.
Argazkilaria. Itzal handiko argazkilariak izan ditu irakasle eta hainbat liburu argitaratu ditu.
Ikastaroa teoriko-praktikoa izango da.
Erreportajea eta lan dokumental mamitsuak aztertuko dira eta lan horien osagaiak aletu.
Ikasleek ariketa praktiko laburrak egin beharko dituzte trebatzeko eta amaieran lan dokumental sendoa burutu beharko dute.
Ikastaro honetan argazki ikusgarriak nola egin azaldu beharrean, kontakizun txukunak eta eraginkorrak (mamitsuak, hunkigarriak, eta abar) egiten ikasiko dugu. Edukiak argazkilarientzat eta argazkizaleentzat prestatuta daude; hala ere, ez ahaztu literaturari erreferentzia ugari egingo dizkiogula. Beraz, istorioak irudien bidez kontatzen ikasi nahi duen edonori egingo diogu lekua.
Euskal Autonomia Erkidegoko unibertsitateaz kanpoko irakasleentzako prestakuntza-ikastaroak homologatzeko prozeduran onartutako ikastaroa.
Homologazio kodea: 1468348007