Udako Ikastaroak :: Biologia eta Natur Zientziak

Iraganetik etorkizunera: euskara natur zientzietan.

  • Izaera: Presentziala
  • Ordu kopurua: 2.00 ordu
  • Matrikula-prezioak: Orokorra: 10,00 €. Ikasle, langabe eta erretiratuak: 10,00 €. Bazkideak: 10,00 €
  • Loa eta otorduak: Loa: 0.00 € / eguneko. Bazkaria: 5.00 € / eguneko. Afaria: 0.00 € / eguneko
  • Matrikula-epearen hasiera: 2022(e)ko maiatzaren 9a
  • Matrikula-epearen bukaera: 2022(e)ko uztailaren 5a

UEUko lehen belaunaldiek hutsetik hasi behar izan zuten unibertsitate euskaldunaren eraikuntzan. Oztopoak oztopo, eta euskarazko unibertsitate nazionala proiektu sendo moduan oraindik ez dagoen arren, aurrerapauso handiak egin dira hainbat esparrutan, baita natur zientzietan ere. Sail honetako kideek urratu zuten bidea, lehenengo UEU sortzen eta indartzen, eta gerora nork bere unibertsitate publikoa euskalduntzen UEUn aritzearekin batera. Belaunaldi aitzindari horren lorpenak aitortzea ezinbestekoa da, ekarpen ugari egin dituelako: natur zientzietako terminologia finkatzea, euskarazko materialak eta euskarriak sortzea, euskaraz zientzia egiten hastea... Hala ere, hori bezain garrantzitsua da belaunaldien arteko zubiak eraikitzea, natur zientziak euskalduntzeko eta goi mailako irakaskuntza euskalduntzeko hasitako borroka, beste batzuek jarrai dezaten.

Jarduera hau UEUren Natura Zientziak sailak antolatu du.

Helburuak

  • UEUko Natur Zientzietako sailaren lehen belaunaldiaren lana ezagutaraztea eta aitortzea.
  • Natur zientzietan euskaraz aritzeko egungo eta etorkizuneko erronkei eta aukerei buruz hausnartzea.
  • Belaunaldien arteko zubiak eraikitzea eta natur zientzien komunitatea trinkotzea.

Edukiak

Mahaiaren inguruan UEUko Natur Zientzien saileko lehen belaunaldiko kideak eta egungoak izango dira, eta elkarrizketa bat osatuko dute garai bateko irakaspenetatik egungo erronkei aurre egiteko. Abiapuntua ezaguna da, euskara natur zientzietan, ez, ordea, zein izango duten hizlariek helmuga, ezta hartara iristeko zein bide hartuko duten ere. Hala ere, gai hauek jorratzeko parada izango da: euskarazko materialgintza, unibertsitatearen funtzioa, lexikoaren finkapena eta eguneratzea, natur zientziak komunikazio tresna berrietan, puntako zientzia euskaraz egiteko zailtasunak eta abantailak, natur zientzien eragina etorkizuneko gizartean, joerak eta grinak...

Partaideak:

  • Arantza Aldezabal (EHU)
  • Kepa Altonaga (EHU)
  • Joxerra Aihartza (EHU)
  • Aitziber Zufiaurre (GAN-NIK)
  • Maite Arroita (EHU)

 Moderatzailea: Natur Zientzien sailburuetako bat.

Nori zuzendua

  • Natur Zientzien bueltako edozein ziklo, gradu edo ikastarotako ikasleak.
  • Natur Zientzietako gaietako irakasleak.
  • Naturzaleak.
  • Euskaltzaleak
  • Bereziki naturzale euskaltzaleak.

Matrikulaziorako argibideak

  • "Matrikulatu" aukera sakatu eta han agertutako zaizun fitxa bete.
  • Matrikula-orria bete ondoren, mezu bat jasoko duzu zure posta elektronikoan, matrikularen eta ordainketaren inguruko argibideekin.
  • Ez baduzu mezurik jasotzen, akatsen bat izan da. Horrela bada, jarri gurekin harremanetan: 943 82 14 26, i.iciar@ueu.eus, (Irati).
  • Hemen UEUren matrikulazio-araudi orokorra.
BAZKARIA
Jardunaldiaren ostean Lizeoan bertan elkarrekin bazkaltzeko aukera egongo da.
Matrikula egiterakoan eman izena (ezinbestekoa izango da aurretik izena ematea).