Ikastaroak :: Hezkuntza, Psikologia
Ikastaro hau erabat online da, ez dauka aurrez aurreko saiorik.
Oraindik ere gure jendartea heteropatriarkatu gisa antolatuta egonik, nahi gabe ere, bitartasunean oinarritutako generoaren ikusmolde estereotipatua eta sexista transmititzen jarraitzen dute senide, irakasle eta bestelako hezkuntza-eragileek. Hezkuntza sisteman, kasu, irakasleek, eskolako langileek, ikasmaterialek, eskolaren antolaketak, espazioen erabilerak, hizkuntzaren zein irudien erabilerak eta bestek askotan, oso barneratuta dauden generoari buruzko uste, balio eta ohitura sexistak transmititzen dituzte. Hala, egoera hori irauli eta testuinguru hezitzaileetan sexismoa transmititzeari utzi eta hezkidetza sustatzeko beharrezkoak diren eduki eta gaitasunak landuko dira ikastaro honetan.
Parte-hartzailea izango da ikastaroa, praktikan eta gaitasunetan oinarritutakoa, Heziberri 2020ekin, EAE-ko kuntza-hezkuntza-sistemarako berdintasunaren eta tratu onaren bidean 2019-2023 planarekin, Bakerako Hezkuntzatik zein Pedagogia Feministatik planteatzen denarekin bat eginik. Hala, besteak beste, Arazoetan Oinarritutako Ikaskuntza izeneko irakaskuntza-metodologia aktiboa izango da ikastaroaren ardatz nagusia. Norberak bere testuinguruan hezkidetza lantzea helburu izango duen proiektu bat egitea izango da ikastaroaren ebaluazio-jarduera nagusia, eta praktikotasunari dagokionez, horrek inpaktu zuzena izango du norberaren hezkuntza ekosistema propioan, hau da, komunitatean.
unibertsitatea.net atarian duzu irakasleei egindako elkarrizketa.
Psikologiako Gradua. EHUko irakaslea. Generoa eta berdintasuna eremu publiko eta pribatuan Unibertsitate Masterra, genero-indarkeriaren prebentzioaren espezializazioarekin.
Psikologian doktorea, UPV/EHUko Psikologia Fakultateko irakasle eta ikertzailea. UEUko kidea.
Psikologian doktorea. UPV/EHUko Psikologia Fakultateko irakasle eta ikertzailea.
1. SARRERA: MARTXAN JARTZEN GARA!!!
2. HEZKIDETZA: BETAURREKOAK AUKERATZEN
3. GENERO-SOZIALIZAZIOA ESKOLAN
4. CURRICULUM FORMAL HEZKIDETZAILEA
5. HEZKIDETZA EZKUTUKO CURRICULUMEAN
6. HEZKUNTZA-TESTUINGURUETAN HEZKIDETZA SUSTATZEKO BALIABIDEAK
7. PROIEKTU BATERATUA
Ikastaroa online irakaskuntzan oinarrituko da eta, horretarako, Moodle irakaskuntza-plataforma batean oinarrituta dagoen UEUren ikasgela birtuala erabiliko da. Ikastaroa parte-hartzailea eta praktikan oinarritutakoa izango da, hots, ikastaroaren metodologia aktiboa, berritzailea, IKTez lagundua, parte-hartzailea eta konpetentzietan oinarritutakoa izango da (Heziberri 2020rekin eta Bakerako Hezkuntzatik planteatzen denarekin bat eginik). Izan ere, Arazoetan Oinarritutako Ikaskuntza izeneko irakaskuntza-metodologia aktiboa izango da ikastaroaren ardatz nagusia. Hain zuzen ere, ikasleen eguneroko lanean aurki dezaketen arazoa planteatuko zaie, ikastaroan, jarduera ezberdinen bitartez bidera dezaten.
Edukiak eta gaitasunak idatzizko zein ikus-entzunezko materialen bidez landuko dira. Ondoren, landutakoaren inguruko jarduera praktikoak proposatuko dira, ikasleen parte-hartzea eta hausnarketa kritikoa bultzatuz. Ikasketa-prozesu osoan zehar, talde-dinamikak eta norberaren iritzi, hausnarketa, esperientzia edota zalantzak ikaskideekin partekatzeko aukera izango da (ikasgela foroaren bitartez). Izan ere, ikaslea da ikasgela birtualaren benetako protagonista eta, ondorioz, ikaslea izango da, interakzioa eta komunikazioa ardatz izanda, norbere ezagutzak eraikitzearen arduradun. Horretarako, ikastaroak jarraituko duen ikaskuntza-prozesua autonomoa eta esanguratsua izango da. Halaber, momentu oro irakasleen jarraipena, laguntza eta tutoretza izango dituzte ikasleek, sortzen zaizkien zalantzei eta zailtasunei aurre egiteko. Amaieran, ikastaroko konpetentzietan oinarritutako proiektua egingo dute ikasleek, ikastaroa osatzen duten gaietan landutakoa praktikara ekartzeko. Proiektuak elkarbanatu egingo dira, hau da, erabilgarri izango dituzte beste ikaskideek.
Horretaz guztiaz gainera, ikasleek beren burua ebaluatzeko aukera izango dute ere, ikastaroaren hasieran eta amaieran beteko duten autoebaluazioaren bitartez. Halaber, ikastaroa bera ebaluatzeko aukera izango dute ikasleek, irakasleak etorkizunean hobetu beharreko alderdiez jabetu daitezen.
Hezkuntza formalean zein ez-formalean dabilen edonori; sexismoarekin amaitu nahi duen edonori; hezkidetza sustatu nahi duen edonori.