Ikastaroak :: Literatura, Hezkuntza

Heziketa literarioa Bigarren Hezkuntzan: genero irudikapenak eta identitate sexualak euskal literaturan

  • Hasiera-data: 2020(e)ko azaroaren 4a
  • Amaiera-data: 2020(e)ko abenduaren 2a
  • Tokia: Ikasgela Birtuala
  • Ordutegia: astelehena-ostirala. 00:00-24:00
  • Izaera: On-line
  • Ordu kopurua: 25.00 ordu
  • Matrikula-prezioak: Orokorra: 175,00 €. Ikasle, langabe eta erretiratuak: 157,50 €. Bazkideak: 131,25 €
  • Matrikula-epearen hasiera: 2020(e)ko irailaren 1a
  • Matrikula-epearen bukaera: 2020(e)ko urriaren 29a

Bizi dugun garaian, literatura irakurtzeko bideak zabaltzea ezinbestekoa da. Gainera, Bigarren Hezkuntzako ikasleak generoa eta identitate sexuala eraikitzen ari diren unean, literaturan irudikapen horiek nola gauzatzen diren ikusteak literaturara hurbiltzeko eta haien esperientzien, jarreren eta hautuen inguruko gogoetak egiteko aukerak zabaltzen dituela uste dugu. Beraz, literaturazaletasuna biziarazteko ezinbestekoa iruditzen zaigu irakurleari testu literarioak ulertzeko baliabideak eta estrategiak eskaintzea, eta horiek guztiak irakurleen interesetatik gertu egotea.

Gure esperientziak, imajinario kolektiboak eta naturaltzat ditugun irudikapenek baldintzatu ohi dituzte irakurketak, eta horregatik, begirada feministak jasotako heziketa hori deseraikitzeko aukerak eskaintzen du. Ondorioz, testu literarioetatik abiatuta, DBHko eta Batxilergoko ikasleak gogoeta kritikoa egitera eta nork bere buruari buruzko hausnarketa egitera bideratuko dira ikastaroan proposatutako jardueretan zehar.

Ikastaroa online izango da, nagusiki. Aurrez aurreko saio bi izango ditu:

  • ikastaroaren hasiera-egunean: azaroaren 4an (17:00-20:00).
  • ikastaroaren amaiera-egunean: abenduaren 2an (17:00-19:00).

Saio horiek UEUren Ikastetxe Nagusian izango dira (Otaola hiribidea, 1. Eibar).

unibertsitatea.net atarian duzu antolatzaileei egindako elkarrizketa.

Irakasleak

  • Ibon Egaña Etxeberria

    UEUko Literatura saileko kidea. Euskal Filologian lizentziatua da eta euskal kritikari buruzko tesia idatzi du. Euskal kultur sorkuntza eta kritika feministako graduondoko Ikerketa moduluko koordinatzailea izan da. Galtzagorri Elkarteko kidea da eta EHUko Hezkuntza, Antropologia eta Filosofia fakultateko irakaslea.

  • Amaia Serrano Mariezkurrena

    UEUko Literatura saileko sailburua. Magisteritzan diplomatua eta Euskal Filologian lizentziatua. 1936ko Gerra eta euskal nobelari buruzko tesia idatzi du. Euskal kultur sorkuntza eta kritika feministako graduondoko Irakaskuntza moduluko koordinatzailea izan da eta EHUko Hezkuntza, Antropologia eta Filosofia fakultateko irakaslea.

Helburuak

Ikastaro honek honako helburu hauek izango ditu jomugan:

  • Euskal literaturan genero irudikapenak eta identitate sexualak interpretatzeko gai izatea.
  • Literatur testuak begirada feminista batetik irakurtzeko gai izatea.
  • Irakurzaletasuna garatzeko estrategiak eskaintzea (testu literarioak aukeratzeko irizpideak, testu literarioak lantzeko metodologiak, etab.).
  • Literatur testu labur eta luzeak lantzeko proposamen didaktikoak egiteko estrategiak eskuratzea.

Edukiak

Ikastaroa lau gaitan garatuko da:

0. ABIAPUNTUA: genero irudikapenak eta identitate sexualak euskal nobelagintzan [aurrez aurreko saioa]

Ikastaroaren abiapuntu gisa, 36ko Gerrari buruzko euskal nobelagintzako genero irudikapenei buruzko azalpenak emango dira, 1937tik gaur egunera bitartean idatzi diren zenbait nobela adibide gisa erabiliz. Era berean, euskal nobelan LGTB+ pertsonaien zein irudikapen egiten den azalduko da, nolako identitate sexualak aurki ditzakegun ezagutzeko.

Aurkezpen horiek hurrengo urratsetarako oinarri izango dira, bereziki testuen irakurketa lantzeko garaian. Izan ere, euskal nobelari buruzko ikuspegi hori ezagututa, ipuingintzara eta poesiara ere gerturatuko gara online irakaskuntzako jardueretan. Bigarren Hezkuntzan testu laburrekin lan egiteak denbora kudeatzeko ematen duen aukera baliatuta, testu laburren irakurketak egiten eta jarduerak planteatzen trebatuko gara hurrengo bi urratsetan, iruditzen baitzaigu testu laburrak curriculumaren eskakizunei erantzuteko eta denbora kudeatzeko ikasgelan lantzeko modukoak direla. Azkenik, nobela baten irakurketa eta proposamen didaktikoa egin beharko da talde txikian.

Oro har ikastaroan eskuratuko diren gaitasunak hezkidetza planarekin uztartzeko baliagarriak dira, eta heziketa literarioan gaitzera bideratuta daude.

 

1. GAIA: genero irudikapenak euskal ipuingintzan eta poesian

Gai honen helburu nagusia euskal ipuingintzako zenbait testutako genero irudikapenak egiteko bideak eskaintzea da. Literatura irakurtzen gaitzeko narrazioak eta poemak baliatuko dira, komunikazio literarioaren oinarriez jabetzean genero ikuspegia presente izateko.

Testu bakoitza interpretatzeko jarduerak proposatuko dituzte ikastaroko koordinatzaileek, galdera batzuei tiraka testu horien inguruko diskurtso kritikoa osatzeko. Gainera, irakurketa horiek nola partekatu eta ebaluatu daitezkeen ere aipatuko da.

 

2. GAIA: LGTB+ irudikapenak euskal literaturan

Gai honen helburu nagusia LGTB+ subjektuen irudikapen literarioak kritikoki irakurtzeko bideak eskaintzea da. Horretarako, narrazio laburrak eta poemak irakurri eta aztertuko dira, betiere arreta jarriz sexualitate ez-normatiboen irudikapenari. Testuon irakurketan parte hartzen duten osagaiak aztertuko dira: testu-irudikapenak aztertuko dira, eta baita irakurketak zabaltzen dituen interpretazio-aukerak ere.

Horretarako, testu poetiko eta narratiboak irakurriko dira irakasleak proposatutako hainbat gida-galdera eta orientazio kontuan hartuta. Irakurketa-aukerak partekatu eta kontrastatuko dira, eta testuen zein beste kultur adierazpideen arteko loturak ere baliatuko dira.

 

3. GAIA: Liburu bat nola landu

Gai honen helburu nagusia irakurleak liburu literario baten inguruko interpretazioak, inpresioak eta sentipenak azaltzeko gaitasuna garatzea da, betiere genero ikuspegia eta identitate sexualen irudikapenak kontuan hartuta. Horretarako, hiru urrats hauek egingo ditugu:

  1. Lehenik, parte-hartzaileek proposaturiko liburuen artean bat aukeratuko dute, eta liburu berbera hautatu dutenen artean, irakurketa kritikoa egingo dute.
  2. Bigarrenik, liburua lantzeko proposamen didaktikoa egingo du talde bakoitzak.

 

4. ONDORIOAK [aurrez aurreko saioa]

Aurrez aurreko azken saioan talde bakoitzak hautatutako liburuaren irakurketa eta proposamen didaktikoa azalduko du, eta ikastaroko koordinatzaileek interpretazioari buruzko oharrak eta liburuen lanketa osatzeko iruzkinak egingo dituzte.

Metodologia

Ikastaroak izaera praktikoa izango du. Gai bakoitzaren helburuak erdiesteko jarduera zehatzak egingo dira programan jasotako langaien inguruan. Ikastaroan zehar proposamen didaktiko zenbait aurkeztuko dira, eta azken urratsean (3. gaian) liburu bat lantzeko proposamen zehatza egin beharko dute parte-hartzaileek, ikastetxean modu praktikoan aplikatu ahal izateko. Irakasleen lankidetza eta laguntza izango dute sortzen zaizkien zalantzei eta zailtasunei aurre egiteko, eta baita ikastetxean aplikatu beharreko proposamen didaktikoa garatzeko ere.

Nori zuzendua

Bigarren Hezkuntzako euskara irakasleei, Euskal Ikasketetako ikaslegaiei, eta irakurketa literarioan trebatu nahi duenarentzako baliagarria da ikastaroa.

Matrikulaziorako argibideak

  • Matrikulatu aukera sakatu eta han agertutako zaizun fitxa bete.
  • Matrikula-orria bete ondoren, mezu bat jasoko duzu zure posta elektronikoan, matrikularen eta ordainketaren inguruko argibideekin.
  • Ez baduzu mezurik jasotzen, akatsen bat izan da. Horrela bada, jarri gurekin harremanetan: 943 82 14 26, markeskoa@ueu.eus, (Mari Karmen).
  • Talde mugatua: gehienez, 20 pertsona.
  • Hemen UEUren matrikulazio-araudi orokorra.

Oharrak

  • Ikastaro hau UEUren eta EHUren arteko lankidetzaz egingo da. “Genero-identitateak eta diskurtso sozio-politikoen transmisioa euskal literaturan” ikerketa proiektuaren barruan (US18/39).
  • Eguneratze-ikastaro modura homologatuta, 2020ko urriaren 5ean Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Saileko Hezkuntza sailburuordeak emandako ebazpenaren bidez, honako kodearekin: 2068348018.
  • COVID-19 izurrite egoeran ikastetxeek jarraitu beharreko prebentzio-, segurtasun- eta higiene-neurri berdinak jarraituko dira gure egoitza eta jardueretan. Hona argibideak: UEUren prebentzio-neurriak.