Gradu eta graduondokoak :: Hizkuntzalaritza, Itzulpengintza, Informatika

Itzultzaileentzako Oinarrizko Teknologia (UPV/EHUren Aditu Titulua)

  • Izaera: On-line
  • Ordu kopurua: 150.00 ordu
  • Matrikula-epearen hasiera: 2020(e)ko maiatzaren 1a
  • Matrikula-epearen bukaera: 2020(e)ko ekainaren 30a

(Ohar garrantzitsua: izen ematea UPV/EHUren web orrian egiten denez, web orri hau informazioa jasotzeko erabiliko da. Barkatu eragozpenak.)

Aditu titulu honen xede nagusia itzulpen espezializatuak egiteko beharrezkoak diren tresna, prozesu eta teknologiak ezagutzea da. Gaur egun, tresna teknologikoak lanabes ezinbestekoak dira itzultzailearen eguneroko lanean. Beraz, tresna horiek sakon ezagutu eta ondo erabiltzeak berebiziko garrantzia du itzultzaileen prestakuntzan.Merkatu eta produktuen globalizazioak berekin ekarri du itzulpen prozesua bizkortzea, halako moduan non hainbat lan automatizatzea ezinbesteko bihurtu baita. Horrekin batera, garapen teknologikoek hizkuntzen industrien lan merkatua handiagotu eta produktu berriak sortu dituzte. Etorkizunera begira, itzulpen zerbitzuen eskaerak gora egingo du. Eta eskaera horri behar bezala aurre egiteko, aditu titulu honek ondo trebaturiko itzultzaileak prestatuko ditu.

Graduondokoa UPV/EHUko Berezko Tituluen eskaintzan sartzen da, UPV/EHUko Sail bik antolatuta: Ingeles eta Alemaniar Filologia eta Itzulpengintza eta Interpretazio Saila; eta Hizkuntza eta Sistema Informatikoak Saila. Halaber, hizkuntza-teknologien alorrean lan egiten duten hainbat enpresen irakasle biltzen dira graduondoko honen ikasketa-planean.

Graduondokoaren antolaketan Langunek eta UEUk laguntzen dute eta 2020-2021 ikasturtean Aditu tituluaren 1. edizioa burutuko dugu.

Unibertsitateko aditu titulua

Prestakuntza programa hau Itzulpengintza eta Teknologia Unibertsitate Espezializazio Tituluaren parte da. Espezialista titulu horri dagokion modulu hau eta espezialitateari dagozkion gainontzeko irakasgaiak ikasturte ezberdinetan egin ahal izango dira.

Aurkezpenak:

  • Graduondokoaren zuzendaritzako kideek graduondokoaren aurkezpena egin dute, hemen.
  • UEUk graduondokoen inguruan duen lerroa aurkezten da, hemen.

Ezaugarri orokorrak:

  • Eskolak ONLINE izango dira
  • Saio presentzia gehienak UEUko Eibarko egoitza akademikoan izango dira. Gainontzekoak UPV/EHUren Gasteizko Letren Fakultatean.
  • Ikasleek, mintegietara agertzeaz gain, ikerketa lan bat ere egin beharko dute beraien interesen araberako gaia jorratuz.
  • Kredituak: 15 ECTS
  • Prezioa: 750 €
  • UPV/EHUko lotura: Unibertsitate Aditua: Itzultzaileentzako OInarrizko Teknologia

 

Helburuak

  • Itzulpengintzari aplikatzen zaizkion oinarrizko teknologiak modu praktikoan erabiltzen ikastea.
  • Itzulpen-prozesu osoa kontrolatzea tresna egokiak erabiliz.
  • Ordenagailuz lagundutako itzulpenaren teknologia, prozesu eta tresnak ezagutzea.
  • Itzulpen automatikoarekin lotutako teknologia, prozesu eta tresnak ezagutzea.
  • Softwarearen eta web guneen lokalizazioarekin lotutako prozesuak sakon ezagutzea.

Edukiak

  • Oinarrizko informatika (3 ECTS)
  • Ordenagailuz lagundutako itzulpena (4 ECTS)
  • Itzulpen proiektuen kudeaketa (3 ECTS)
  • Lokalizazioa (5 ECTS)

Metodologia

Ikastaroa on line izango da nagusiki. Horretarako, moodle plataforma erabiliko da eta kudeaketa teknikoa UEUk egingo du. Halere, modulu bakoitzean gutxienez saio bat presentziala izango da. Era honetan ikasleek erabateko autonomiaz lan egiten dute eta denbora beren neurrira egokitzeko aukera dute. Halaber, ikasleak, interakzioaren bitartez, beren ikasketen ibilbidea arian-arian eraikiz doaz.Irakaskuntza eredu honek tutoreen lana ezinbesteko bihurtzen du ikasleen eguneroko lana gidatu eta dinamizatzeko garaian. Tutoretza sistemaren bidez ikasleek babes egokia aurkituko dute ikasketa programan zehaztutako helburuak lortu eta ikasketak arrakasta osoarekin bukatzeko.

Nori zuzendua

  • Itzulpengintza eta Interpretazioko graduatu berriei.
  • Itzulpengintzan aritzen diren profesionalei eta bere jakintza espezializatzeko edo gaurkotzeko asmoa dutenei.
  • Filologia ikasketak egin eta gaitasun berriak eskuratu nahi dituzten lizentziatuei.

Matrikulaziorako argibideak

UPV/EHUko titulua izanik, izen-ematea eta matrikulazioa UPV/EHUko Berezko Tituluen sarbidetik egin beharko da, hemendik. UPV/EHUko prozedura izanik, bertoko ikaslea ez bazara izan, prozedura berezia da eta guk lagundu ahal zaitugu bide hori egiten.

Izena emateko epea ekainaren 30era arte zabalik egongo da. Gutxieneko ikasle kopurua gaindituta, matrikulazio epea zabalduko da uztailaren 10etik 16ra arte, hau ere UPV/EHUren bitartez.

Edozein zalantza argitzeko, edo prozeduran laguntzarik behar baduzu a.latatu@ueu.eus helbidera idatz dezakezu.

Oharrak

UPV/EHUren Berezko Titulua da eta beraz, UPV/EHUko eskaintzan sartzen da, unibertsitateari dagozkio tramite administratiboak (matrikulazioa eta graduondokoaren betekizunak).

UEUtik prozesu osoan laguntzen dugu eta zalantzarik baduzu, mesedez jar zaitez gurekin harremanetan eta infomazio guztia helaraziko dizugu.

(Ainhoa Latatu, titulazioak@ueu.org, 943821426)