Ikastaroak :: Lana

Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: produktibitatea hobetzeko metodoen oinarriak eta tresna digital lagungarriak

  • Hasiera-data: 2020(e)ko abuztuaren 31a
  • Amaiera-data: 2020(e)ko irailaren 17a
  • Tokia: Ikasgela Birtuala
  • Ordutegia: Astelehenetik ostiralera. 00:00-24:00
  • Izaera: On-line
  • Ordu kopurua: 14.00 ordu
  • Matrikula-prezioak: Orokorra: 0,00 €. Ikasle, langabe eta erretiratuak: 0,00 €. Bazkideak: 0,00 €
  • Matrikula-epearen hasiera: 2020(e)ko ekainaren 4a
  • Matrikula-epearen bukaera: 2020(e)ko abuztuaren 24a

Ikastaroa BETE egin da. Interesa izanez gero, izena eman eta itxaron-zerrendan sartuko zara.

Ikastaroa guztiz online izango da.

Produktibitatea kalitate oneko emaitza eta hori lortzeko behar dugun denboraren arteko erlazioa da. Hau da, produktibitatearen helburua emaitzarik onena denbora laburrenean lortzea da, denbora ondare preziatua baita.

Zeregin guztiak ondo antolatzea eta denboraren kudeaketa egokia bideratzea produktibitatearen gako dira eta bizitzako esparru guztietan bete beharrekoak. Horrez gain, borondatea, diziplina eta iraunkortasuna ere behar dira,. produktiboa izatea ez baita lan erraza. Eta, horretarako, funtsezkoa da antolaketa-metodoek zein Informazio eta Komunikazio Teknologiek (IKT) eskaintzen dizkiguten aukerak ondo ezagutzea.

Baina posiblea da produktibitatea hobetzeko metodoen oinarriak baliabide digitalen bidez praktikan jartzea? Nola erabili ditzakegu zenbait tresna gure denbora hobeto kudeatzeko? Nola bideratu dezakegu taldeko koordinazio egokia? Zeintzuk dira posta elektronikoa ondo antolatzeko irizpideak?

Ikastaroan egunerokotasuneko banakako zein taldeko zereginak antolatzeko metodo ezagunenen helburuak eta ezaugarri nagusiak aztertuko dira, ondoren maila teorikoko antolaketa-prozedurak praktikan jartzeko. Horretarako, eskura ditugun zenbait tresna digital eta horien aukerak arakatuko dira. Horrela, pixkanaka, produktibitatearen gakoak barneratzea lortuko da.

“Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna” atsotitza aplikatzen hasteko eta denbora ondo aprobetxatzeko momentua iritsi da!

Irakaslea

  • Rakel Gamito Gomez

    Haur Hezkuntzan graduatua, Psikodidaktikan masterra eta doktorea, Euskal Herriko Unibertsitatean (UPV/EHUn). Tesiaren izenburua: Adin txikikoen Interneten erabilera-ohiturei eta arriskuei buruzko kasu azterketa bat. Pertzepziotik kontzientzia piztera.

    Egun, UPV/EHUko Hezkuntza eta Kirol Fakultateko irakasle, Didaktika eta Eskola Antolakuntza sailean. Informazio eta Komunikazio Teknologiak ikasgaia ematen ohi du eta IKTak eta Konpetentzia Digitalak Hezkuntzan, Etengabeko Formakuntzan eta Hizkuntzen Irakaskuntzan on-line graduondokoan parte hartzen du. Udako Euskal Unibertsitateko (UEUko) kide eta Pedagogia sailburu. IkHezi ikertaldeko kide.

Helburuak

  • Banakako zein taldeko zereginak antolatzeko metodo ezagunenen helburuak eta ezaugarri nagusiak modu kritikoan aztertzea.
  • Zereginak modu eraginkorrean antolatzeko eta taldeko koordinazioa bermatzeko lagungarriak diren tresna digitalak eta horien aukerak arakatzea.
  • Produktibitatea hobetzeko gakoak baliabide digitalen bidez praktikan jartzea, norberaren beharraren arabera baloratzeko.
  • Norberaren gaitasun digitala indartzea, ikasketa-prozesu esanguratsua eta ezagutzaren eraikuntza talde-lana, elkarreragina eta komunikazioaren bitartez bideratuz.

Edukiak

  • Produktibitatea: zer da eta urratsak.
  • Zereginen antolaketa-metodoak: helburuak eta ezaugarri nagusiak.
    • GTD..
    • Kanban.
    • Beste zenbait metodo batzuk.
  • Zereginak modu eraginkorrean antolatzeko eta taldeko koordinazioa bermatzeko tresna digital eta aukera lagungarriak:
    • Zerrendak eta oharrak: Google Keep.
    • Taldeko koordinazioa: Trello.
    • Posta elektronikoa: Outlook eta Gmail.
    • Elkarlana. Drive.
    • Beste zenbait tresna lagungarri batzuk: pasahitzak, informazioa jaso, laster-markak, bideo-bilerak, berehalako mezularitza…

 

Metodologia

Momentu oro teoria zein praktika bateratuko ditu. Horretarako, oinarri kontzeptualak ikus-entzunezko materialen eta adibide zehatzez landuko dira eta gailu digitaletan egin beharreko praktikak proposatuko dira. Era berean, ikastaroan zehar norberaren iritzi, hausnarketa, esperientzia edota zalantzak ikaskideekin partekatzeko aukera izango dute parte-hartzaileek, taldeari modu eraikitzailean eraginez. Beraz, ikasleen parte-hartzea zein praktika izango dira ikastaroaren funtsa.

 

Nori zuzendua

Izen-ematea publiko zabalari irekia dago baina unibertsitatean ikasten dabiltzan nafar ikasleek izango dute lehentasuna. Edozein etapako irakasleei zuzenduta dago.

Ikasleak onartuak izango dira irizpide honen arabera: izen emate epea zabaldu eta lehenengo 15 egunetan izena ematen dutenen artean, lehenik, unibertsitateko nafar ikasleak, gero gainontzeko nafarrak eta azkenik, beste lurraldetakoak.

15 egun horiek pasata, taldea osatu arte onartuko dira ikasleak.

Matrikulaziorako argibideak

• Ikastaroa DOAKOA da.

Matrikulatu aukera sakatu (goian dago, izenburuaren azpian) eta bertan agertutako zaizun fitxa bete.

• Matrikula-orria bete ondoren, zure posta elektronikoan mezu bat jasoko duzu, matrikulazioa eta ordainketaren inguruko argibideekin.

• Ez baduzu mezurik jasotzen, akatsen bat egon da. Horrela bada, jarri gurekin harremanetan: 948 362563, nafarroa@ueu.eus, (Edurne).

Hemen UEUren matrikulazio-araudi orokorra.

Diru-laguntzen informazioa.

Oharrak

• Ikasleek ordenagailua, Internet konexioa eta posta elektronikoa izan beharko dute.

• Zenbait praktika egiteko, gomendagarria da Gmail kontu bat izatea.

• Ikasgela birtualera sarbiderako datuak UEUk emango ditu.

Homologazioa

Ikastaro hau Nafarroako Gobernuko Hezkuntza Departamentuak, irakasleen etengabeko prestakuntza gisa homologatu du.

Homologazio-zenbakia: 163/2020, maiatzaren 27koa. Kreditu bat eta erdi (1,5) eskuratu ahal izango dira.

Halaber, ikastaro hau egiteagatik, Nafarroako Unibertsitate Publikoak (NUP) ECTS erdia (0,5) emango die ikasleei. Horretarako, NUPeko erregistro orokorrean aurkeztu beharko dute instantzia orokorrarekin batera, UEUren bertaratze ziurtagiria.

Ebaluaziorako irizpideak

Ikastaroko parte-hartze ziurtagiria lortzeko honako baldintzak bete beharko ditu ikasleak:

 • Ikastaroan, gutxieneko % 85eko aprobetxamendua izatea.

Onartuak izateko irizpideei jarraiki, ekainaren amaieran jakinaraziko dugu zeintzuk izan diren onartutako ikasleak, hauei helbide elektronikora mezua bidaliz. Ikastaroa bete bada, gainontzekoak itxaron zerrendan geratuko dira eta bajaren bat suertatuz gero, beraiekin harremanetan jarriko gara. Ikastaroa ez bada bete, banan-banan joango gara ikasleak onartzen, izen emate data errespetatuz.