Ikastaroak :: Antropologia
1936ko Oldartze Militarraren eta Trantsizio garaiko estatu-errepresioaren kariaz zendu zirenak oroitzeko gaur egun publikoki erabili ohi diren eredu eta estrategia kulturalak aztertuko dira ikastaro honetan.
Bi ardatz nagusiren inguruan higituko gara ikastaroan barrena. Bata, 1936-1939ko konfrontazio armatuaren memoria publikorako gaur egungo eredu-bertsioez eta kontra-bertsioez gogoeta egingo dugu. Horretarako, Gernika, Elgeta eta Iruñean dauden zenbait museografia motak azalduko ditugu. Bigarren ardatza Trantsizioaren garaian kokatuko dugu. Bereziki, estatu-indarkeriaren emaitza tragikoen oroitza gizartearen aurrean ageri mantentzeko antolaturiko sistema komunikatibo eta kulturalez dihardukegu.
Antropologoa. 2018-2019 Basque Research Fellow, St. Antony’s College, Oxford-eko Unibertsitatea. Lera-Ikergunea Antropologia Taldeko burua.
Antropologoa. NUPeko irakasle elkartua. Lera-ikergunea Antropologia Taldeko kidea.
Doktorea, antropologoa. NUPeko irakasle elkartua. Lera-ikergunea Antropologia Taldeko kidea.
Ikastaro honek lau ikasgai biltzen ditu, bat oso-osorik praktikoa delarik. Honakoak dira:
1.- Memoria historikoa eta kultura-errepresentazio kolektiboak: sarrera teorikoa.
Ikasgai honetan leheneko eta egungo ikuspegi eta eztabaida antropologikorik garrantzitsuenak azalduko dira.
2. Gune itxiak: museoko kulturki ukigarri, entzungarri eta ikusgarrien performance politiko-ideologikoa.
Ikasgai honetan 1936-1939ko guda-gertakizunak belaunaldi gazteagoei ezagutarazteko egun erabiltzen diren eredu eta estrategia museografikoak azalduko dira. Gernika, Elgeta eta Iruñeko kasuistika modu konparatibo batez eztabaidatuko da.
3. Kaleko gune irekietako kulturki literalak eta metaforikoak: historia politikoaren kultura-irudikapen publikoen performance politiko-ideologikoa.
Ikasgai honetan 1936ko talka militarraren ondorioz, eta Trantsizioko urteetan frankismoaren segida politikoaren aurkako gizarte-gatazkan, Iruñea hirian hildako pertsona batzuk publikoki oroitzeko erabiltzen diren eredu eta estrategia kulturalak azaldu eta eztabaidatuko dira.
4. Francoren eta Francoren osteko estatu-indarkeria politikoaren memoria historikoaren oroigarriak Iruñeko kaleetan.
Ikasgai hau praktikoa da. Iruñeko parte zaharrean eta zezen-plazaren inguruan dauden zenbait oroigarriak in situ eztabaidatuko ditugu.
Lehenbizi, German Rodriguez gogoratzeko hirian denboran zehar kokatutako ikusgarrien gorabeherez in situ ari izango gara. Ondoren, Jose Luis Cano gogoratzeko, hilketaren lekuan jarritako oroigarriaren aurrean beste saio bat egingo dugu. Bukatzeko, 1936ko errepresio armatua gomutara ekartzeko Iruñeko parte zaharrean jarri diren oroigarri batzuk bertatik bertara aztertuko ditugu.
Oro har, ikastaroaren edukiak honako hiru oinarri ditu: Lera Ikergunea Antropologia Taldeak arestian aipaturiko bi ikerketa sakon horietan jasotako datu-dokumentazioa, erabilitako metodologia eta irteniko emaitza.
Lehenbiziko gaiak ordubeteko saioa eskatzen du. Power-point erramintaz baliatuz azalduko da. Galderei eta ezbaiei lekua emanez, hamar edo hamabost minutuko denboraldia aurreikusia dago. Beraz, ordu bat eta hiru ordu laurden gehi hamabost minutu.
Bigarren gaiak bi ordutako saioa eskatzen du. Power-point erramintaz eta dvd tankerako film dokumentalez baliatuz azalduko da. Galderek, dudek eta amankomuneko eztabaidak beren tokia izango dute, ordu erdiko denboraldia aurreikusia dago. Beraz, ordu bat eta erdi gehi ordu erdi bat.
Hirugarren gaiak bi ordutako saioa eskatzen du. Power-point erramintaz, eta dvd tankerako film dokumentalez ere, baliatuz azalduko da. Galderek, dudek eta amankomuneko eztabaidak ere tokia izango dute: horretarako, ordu erdiko denboraldia aurreikusia dugu. Beraz, ordu bat eta erdi gehi ordu erdi bat.
Laugarren gaiak, hau da, saio praktikoak, bi ordu eskatzen ditu.
Gai honetan interesa duten pertsona heldu guztiei zuzenduta dago.
• Matrikulatu aukera sakatu (goian dago, izenburuaren azpian) eta bertan agertutako zaizun fitxa bete.
• Matrikula-orria bete ondoren, zure posta elektronikoan mezu bat jasoko duzu, matrikulazioa eta ordainketaren inguruko argibideekin.
• Ez baduzu mezurik jasotzen, akatsen bat egon da. Horrela bada, jarri gurekin harremanetan: 948 362563, nafarroa@ueu.eus, (Edurne).