Ikastaroak :: Komunikazioa, Internet
Une oro online egotearen beharra ez da garaiko moda bat. Internet ezinbesteko tresna bilakatu da eta gure bizitzako ia alderdi guztietako parte da: kultura, komunikazioa, ekonomia, lan-esparrua eta banakako zein taldeko ohiturak. Gaur egungo jendartea hiperkonektatuta bizi da.
Zalantzarik gabe Internet abantaila ugariren iturria da, baina baita egoera gatazkatsuena ere. Asko dira munduko sarerik handienaren erabilera desegokiaren ondorio gisa jasan ditzakegun esperientzia negatiboak edota arriskuak.
Adin txikikoen kasuan, Interneten aroan jaio dira eta konektatuta dauden gailuak modu intuitiboan eta erraz erabiltzen ohi dituzte. Edonola ere, sarean suertatzen diren egoera arriskutsuen aurrean erantzuteko heldutasun eta irizpide falta dute.
Horregatik, funtsezkoa da helduek haur eta nerabeen errealitate digitala ezagutzea eta arriskuen prebentziorako bitartekaritza-estrategiak barneratzea. Familia eta eskola adin txikikoen konektibitate segurua bermatzeko gako dira.
Ikastaroan adin txikikoen Interneten erabilera arduratsua garatzeko gidalerroak eskainiko dira.
Ikastaroa online izango da, nagusiki. Aurrez aurreko saio bakarra izango du ikastaroaren hasiera-egunean: urriaren 8an (17:30-19:30), UEUren Ikastetxe Nagusian (Otaola hiribidea, 1. Eibar).
unibertsitatea.net atarian duzu irakasleari egindako elkarrizketa.
Haur Hezkuntzan graduatua, Psikodidaktikan masterra eta doktorea, Euskal Herriko Unibertsitatean (UPV/EHUn). Tesiaren izenburua: Adin txikikoen Interneten erabilera-ohiturei eta arriskuei buruzko kasu azterketa bat. Pertzepziotik kontzientzia piztera.
Egun, UPV/EHUko Hezkuntza eta Kirol Fakultateko irakasle, Didaktika eta Eskola Antolakuntza sailean. Informazio eta Komunikazio Teknologiak ikasgaia ematen ohi du eta IKTak eta Konpetentzia Digitalak Hezkuntzan, Etengabeko Formakuntzan eta Hizkuntzen Irakaskuntzan on-line graduondokoan parte hartzen du. Udako Euskal Unibertsitateko (UEUko) kide eta Pedagogia sailburu. IkHezi ikertaldeko kide.
Aurrez aurreko saioa: aurkezpena
1. gaia: Egungo egoera: jendarte hiperkonektatua
2. gaia: Online arriskuak eta konektibitatearen alderdi garrantzitsuak
3. gaia: Interneten erabilera arduratsua
Ikastaroak online izaera izango du eta modu parte-hartzailean bideratuko da. Gaiak lantzeko hausnarketa kritikoa garatzea helburu duten praktika kolaboratiboak proposatuko dira eta oinarri kontzeptualak sakontzeko ikus-entzunezko materialak, idatzizko azalpenak eta adibide zehatzak eskainiko dira.
Beraz, ikasleen parte-hartzea eta gogoeta izango dira saioen funtsa.
8 eta 14 urte bitarteko umeen irakasle, tutore eta gurasoei.
Euskal Autonomia Erkidegoko unibertsitateaz kanpoko irakasleentzako prestakuntza-ikastaroak homologatzeko eskaera bideratuta, erantzunaren zain.