Ikastaroak :: Hizkuntzalaritza, Terminologia, Hezkuntza, Osasun publikoa
Tailer ziklo osoan izena emateko aukera bertan behera geratu da. Interesa duzun tailerretan izena emateko aukera duzu orain (horretarako klikatu tailer bakoitzaren izenburuaren gainean)
Saioen datak: Urtarrilak 30, otsailak 27, martxoak 27, maiatzak 8 eta maiatzak 29.
Begibistakoa da gure gizartea ez dela parekidea, emakumeok eta gizonok ez dugula aukera-berdintasunik, eta horrek zoritxarra baino ez dakarkigula, batzeri zein besteri. Honako hitzaldi/tailer zikloaren bidez, emakumearen begiradatik nahi dugu gizarteak hain beharrezko duen parekidetasunaren esparru hori begiratu, aztertu eta landu. Zaintza erdigunean jarriz, denon elkarbizitza eta atsegina helburu duen bizimodu-eredu baten proposamenari heldu nahi diote parte hartuko duten emakume hizlariek. Norbere esparrutik, askatasuna oinarri, abiapuntu eta helburu duen gizarte-eredua irudikatzen saiatuko dira. Gure ongizateak eta gure ondotik etorriko direnenak hala agintzen digutelako.
Irakasleak:
1 tailerra. Ipuin parekideak lantzen.
Jendarte parekideago baten bidean baliabideak izatea ezinbestekoa da. Ipuinak sexistak edo parekideak izan daitezke, hizkuntza eta iruditegia lantzen den moduaren eta helarazten diren baloreen arabera. Ikastaro honetan, bertaratutakoei ipuin parekide eta sexistak bereizteko gakoak, haurrekin ipuinak lantzeko modu desberdinak eta askoz gehiago azalduko diegu.
2. tailerra. Emariak: emakumeen ekarpenak ikusarazten.
Arlo guztietako gizonak ezagutzen ditugu (politikariak, enpresariak, asmatzaileak, borrokalariak, zientzialariak, kirolariak, artistak, etab.), baina, emakumeak? Ziurrenik askoz gehiago kostako zaigu arlo horietan emakume kopuru bera ezagutzea... ez da kasualitatez. Emakumeak inbisibilizatuta egon dira (eta jarraitzen dute) gaur egun, arrazoi desberdinak direla eta. Hitzaldi honetan historian zehar, garai eta leku desberdinetan emakumeek egindako ekarpenak ikusaraziko ditugu, euren berri emanez, zementuzko sabaiari zulotxoa eginez.
3. tailerra. Euskara ez sexista.
Euskarak sexismorik ez duelako ustea zabaldua da; egia da ondoan ditugun hizkuntzak baino zama arinagoa duela, baina maiz erabilera sexista egiten dugu, batere konturatu gabe.
Tailer honen bidez, erabilera horren gaineko hausnarketa eginen dugu eta aukera inklusiboak landu.
4. tailerra. Emakumea ahalduntzen, bizimodu osasuntsutik.
Egungo gizartean emakume asko oraindik antzinako roletara mugatuta daude: etxearen eta etxekoen zaintza. Nire esperientziatik abiatuta, emakumeak animatu nahi ditut bereganatzeko dauzkan arloetan parte hartzera kirola, esaterako. Bizimodu osasuntsua lortzeko ezinbestekoa da norbera gustura egotea bere buruarekin eta hori nekez lortuko dugu nahi duguna egiteari utzi eta besteentzat bizi bagara.
5. tailerra. Askatasunerako pedagogia.
Emakume eta gizonen arteko berdintasunari buruz mintzatu beharrak erakusten du mendekotasun/zapalkuntzan oinarritutako harremanak ditugula orohar garatzen. Beste jendeekin erlazionatzeko modu patologiko horrek, heziketa ulertzeko modu zehatz eta disfuntzional batean ere baditu bere erroak. Askatasunean hazi eta hezteak, aske bizitzen jakiteko baldintzak ezartzen ditu, gure aldameneko inor mendean hartu behar edo nahi izateko arrazoiak ere desegiten. Sozialki—eta beraz makro tamainan—eragin beharreko iraultzak, norbanakoaren izaera hori konfiguratzen den garaiari ere begiratzera behartzen gaitu, ikusteko non gertatu diren hutsuneak eta ataskoak.
Parte hartzailea izanen den metodologia erabiliko da tailer guztietan.
Gaian interesa duen orori zuzendua dago zikloa.
ZIKLO OSOA:
TAILER MONOGRAFIKOAK bakoitzeko:
Tailer ziklo OSOAn izena emateko, jarraitu ondoko argibideak:
SAIOka izena emateko, klikatu saio bakoitzaren izenburuaren gainean eta jarraitu argibideak.