Ikastaroak :: Psikopedagogia
Ikastaroaren datak:
Zenbait ikertzaileren arabera, gaitasun emozionalak garatzeak ondorio positiboak ekartzen ditu ikaskuntza-prozesuan, haurraren (eta helduaren) ongizatean, baita horrek bere bizitzan aurki ditzakeen oztopo eta arazoen prebentzioan ere. Eta hori posible ez denean, horiei aurre egiteko estrategia egoki eta osasungarriak garatzeko momentuan ere.
Gaur egun, hezkuntzaren helburu nagusia gizabanakoaren garapen integrala bultzatzea da. Hori, haurrak eduki akademikoak barneratzeaz harago doa, gaitasun emozionalak ere garatzen laguntzea eskatzen duelako. Horretarako hezitzaileak gai honi nola heldu eta nondik hasi lantzen pentsatu beharko du.
Irakasleak bere ikasleei adimen emozionala garatzen lagundu diezaien, nahitaezkoa da irakasle bakoitzak bere adimen emozionala lantzea, eta hori abiapuntutzat hartuta emozioen gaiari helduko diogu, bihotza eta burua bateratzen ikasten hasteko, eta eskolan ikasleoi beren gaitasun emozionalen garapenean nola lagundu ikasteko.
Lehen Hezkuntzako Magisteritzan diplomatua. Adimen Emozionala Hezkuntza arloan aditua. “Esku-Hartze Sistemikoarako Tresnak eta Ingurune Terapeutikoen Sorkuntza” masterra. Gaur egun, Adimen Emozionaleko irakaslea eta aholkulari emozionala.
Ikastaroan zehar alde teorikoa praktikarekin uztartuko dugu. Alde batetik, eduki teorikoak esperimentazioaren bidez lantzeko zenbait ariketa proposatuko dira, esperientziaren bidezko ikaskuntza lor dadin; bestalde, aurkeztuko diren eduki teorikoen inguruko hausnarketa sustatuko da.
Horretarako, bakarka, binaka zein taldean aurrera eramateko talde-dinamika batzuk proposatuko dira (rol-playing-ak kasu).
Taldekideen partaidetza aktiboa sustatuko da, horrela, ikasle bakoitzaren testuinguruan gerta daitezkeen eguneroko egoerez baliatuz, ikasleek talde-lanaren bidez teorian ikusitakoa errealitatearekin uztartuko dute.
Gai honetan interesa duten pertsona heldu guztiei zuzenduta dago (irakasleak, hezitzaileak, orientatzaileak, begiraleak, Irakasle Eskolako ikasleak...), kontuan hartuta ikastaroan zehar adimen emozionala eskola-eremuan nola jorratu izango dugula helburu eta lan-ildo nagusia.
Eguneratze-ikastaro modura homologatuta, 2019ko urtarrilaren 25ean Hezkuntza Saileko Hezkuntza sailburuordeak emandako ebazpenaren bidez, honako kodearekin: 1968348008.