Ikastaroak :: Marrazkigintza, Hezkuntza, Lana
Ikastaroaren datak: martxoak 13, martxoak 27, apirilak 10, maiatzak 8 eta maiatzak 22.
Guztiz bisuala den garai batean bizi gara. Gure hitzak zein pentsamenduak era sortzaile batean adierazteko beharrean gaude. Zenbat bilera, asanblada, gelako teoria saio luze… bizi ditugu egunero? Guztietara joaten gara koaderno eta arkatza soinean baina… nola laburtzen dugu bertan jasotzen dugun informazioa?
Sormena eta ekintzailetza denon ahotan dagoen hitzak badira ere, sormena guztiz baztertuta izan duen sistema batean hezi gara (batzuk, behintzat). Gure baitan oraindik bizirik dagoen haur ausartaren arima erreskatatu eta berpizteko aukera emango diogu ikastaroan. Gogoratuz, ez dugula marrazkilariak izan behar, marrazteko.
Pentsamendu bisualaren teoriatik abiatuta, irudimenaren bidea hartuko dugu beste era batean laburtzeko teknika ikasteko.
unibertsitatea.net atarian duzu irakasleari egindako elkarrizketa.
Ingeleseko maistra eta psikopedagogian lizentziaduna. 13 urte irakaskuntzan, ia azkeneko bostak Lehen Hezkuntzako Berritzeguneko aholkulari gisa.
Ibilbide eta garapen pertsonala bada ere, ikastaroa modu kooperatiboan landu egingo dugu, denon artean eta elkarrekin gehiago ikasten dugulako.
Azalpen teoriko gutxi batzuez baliatuz saioak guztiz praktikoak izatea du asmoa ikastaro honek.
Bost saioen garapen eta norbanakoaren eboluzioaz jabetuko gara sortuko dugun ekoizpenarekin.
Monotoniatik urrundu eta pentsamendua beste modu batean adierazteko prest dagoen edonori, hala ere hezkuntza-munduko lagunei bereziki zuzenduta: ikasleak, hezitzaileak…
Eguneratze-ikastaro modura homologatuta, 2019ko urtarrilaren 25ean Hezkuntza Saileko Hezkuntza sailburuordeak emandako ebazpenaren bidez, honako kodearekin: 1968348009.