Ikastaroak :: Psikologia
Ikastaroaren datak: apirilaren 14 eta 21 (larunbatak).
Askatasunaren printzipioa eztabaidaezina izanik, gure bizitzaren ardatz bilakatzen saiatzea da gutako askoren erronka. Guretzat bezala, biziki garrantzitsua da haurrentzat ere askatasuna ukan dezaten euren bizitza eraikitzeko eta diren bezala garatzeko, barnean duten eta diren hori osoki loratuko bada, bederen. Helduaren nortasunaren konfigurazioan haurtzaroak duen garrantziagatik, bizitzaren lehen urteak kalitatezkoak izatea behar du izan edozein prebentzio-eredu edo -programaren helburu nagusiak. Hori baita geroko gaixotasunak ekiditeko modurik seguruena eta eraginkorrena. Helduoi dagokigu, bada, guraso, hezitzaile edo gizarteko kide soil gisa, haurren bizitzaren kalitatea bermatzea, askatasuna, atxikimendua, errespetua eta zaintza kontzientea erdigunean izanen duen haziera eta heziketa-eredu integralak sustatuz. Haurrenganako gure begiradaren aldaketa ekarriko duen paradigma-aldaketa erabat beharrezkoa dugu, eta horretara dator, hain zuzen ere, ikastaroa. Haurtzaroan sano eta oso garatzeko haurrek behar dituzten ekosistema ezberdinen nolakotasuna aztertzera, eta kalitatezko bizitza batek —haurrenak bezala gureak ere— ukan beharreko printzipioen inguruan hausnarketa proposatzera.
unibertsitatea.net atarian duzu irakasleari egindako elkarrizketa.
Unibertsitateko irakaslea (UPPA, NUP). Haur-prebentzioan espezialista. Eskola alternatibo eta pedagogia librearen gaian formatzailea. Hizlari eta artikulugilea. UEUkidea.
Ikastaroan zehar tartekatu egingo dira azalpen teorikoak, taldeko hausnarketak, norberaren bizipen-esperientziei eragiteko teknikak edo testuen irakurketa. Gaiak ezberdin landuko dira, horietako bakoitzak eskatzen duen modurik aproposenean.
Haurtzaroa zaintzea gai soziala eta politikoa izanik, gaiari buruz hausnarketa egin nahi duen orori eskainia dago. Haurrez inguratuta bizi direnei—gurasoak, hezitzaileak, maisu-maistrak, hiritarrak—. Prebentzio-programak diseinatzeko ardura duten eragileei. Politikoei.
Eusko Jaurlaritzak Euskal Autonomia Erkidegoko unibertsitateaz kanpoko irakasleentzako prestakuntza-ikastaro moduan homologatuta. Homologazio kodea: 1868348007.