Ikastaroak :: Komunikazioa, Internet
Ikastaroa asteazkenetan izango da (apirilaren 26an, maiatzaren 3an, 10ean eta 17an, 17:00etatik 20:00etara.
Ukaezina da azken urteetan Informazio eta Komunikazio Teknologiek (IKT) jasan duten bilakaera eta horrek eragin duen aldaketa soziologikoa.
Une oro on-line egotearen beharra ez da garaiko moda bat. Internet ezinbesteko tresna bilakatu da, gure bizitzako ia alderdi guztietako parte izanik: kultura, komunikazioa, ekonomia, lan-esparrua eta banakako zein taldeko ohiturak. Ondorioz, gaur egungo gizartea hiperkonektatuta bizi da eta, heldu zein gazte izan, sarera erabat lotuta gaude.
Ostera, IKTen garapenaren abiadura azkarra bada, horien erabilera desegokiaren ondorio gisa jasan ditzakegun esperientzia negatiboen abiadura are azkarragoa da. Sareak baditu arriskuak, Interneten ibiltzeak gatazkak sor ditzaketen egoera arriskutsuak bizitzea eragin baitezake.
Adingabeen kasuan, Interneteko aroan jaio dira eta eurentzat Internet erabiltzea intuitiboa eta erraza izan ohi da. Edonola ere, sarean sortzen diren egoera arriskutsuen aurrean erantzuteko heldutasun eta irizpide falta dute.
Horregatik, familiek adingabeen errealitate digitala ezagutzea funtsezkoa da, familia Interneteko arriskuen prebentziorako gako baita. Beraz, ikastaroan adingabeek zein teknologia eta nola erabiltzen duten landuko da, horrek euren egunerokotasunean eta nortasun digitalean duen eragina aztertuz. Era berean, guztien artean funtsezkoa den taldeko hausnarketa kritikoa indartuko da.
Haur Hezkuntzan graduatua, Psikodidaktikan masterra eta doktorea, Euskal Herriko Unibertsitatean (UPV/EHUn). Tesiaren izenburua: Adin txikikoen Interneten erabilera-ohiturei eta arriskuei buruzko kasu azterketa bat. Pertzepziotik kontzientzia piztera.
Egun, UPV/EHUko Hezkuntza eta Kirol Fakultateko irakasle, Didaktika eta Eskola Antolakuntza sailean. Informazio eta Komunikazio Teknologiak ikasgaia ematen ohi du eta IKTak eta Konpetentzia Digitalak Hezkuntzan, Etengabeko Formakuntzan eta Hizkuntzen Irakaskuntzan on-line graduondokoan parte hartzen du. Udako Euskal Unibertsitateko (UEUko) kide eta Pedagogia sailburu. IkHezi ikertaldeko kide.
Ikastaroa hasi aurretik, herriko eskoletako adingabeek (10-15 urte) euren Interneteko erabilera-ohituren eta esperientzien inguruko galdetegi laburra bete beharko dute (12 galdera, 5-10 minututan betetzeko). Galdetegia online egingo da eta modu anonimoan beteko dute. Horri esker, ikastaroan herriko adingabeen errealitate digitala aztertzeko aukera egongo da eta, horrela, ikastaroan Interneteko arriskuen inguruan emango den informazioa esanguratsuagoa izango da.
Formakuntza parte-hartzailea eta praktikan oinarritutakoa izango da. Irakasleak azalpenak zein adibide errealak emango ditu eta horri lotutako zenbait praktika proposatuko ditu, ikasleen parte-hartzea eta hausnarketa kritikoa bultzatuz.
Adingabeen (10-15 urte) familiei.
Eusko Jaurlaritzak Euskal Autonomia Erkidegoko unibertsitateaz kanpoko irakasleentzako prestakuntza-ikastaro moduan homologatuta. Homologazio kodea: 1768348006.