Gradu eta graduondokoak :: Hizkuntzalaritza, Ekonomia, Herri-administrazioa, Lurraldea-antolaketa, Soziolinguistika, Zuzenbidea eta Jurisprudentzia, Arkitektura

Eragin Linguistikoaren Ebaluazioa (UPV/EHUren Aditu Titulua)

  • Izaera: Erdi presentziala
  • Ordu kopurua: 150.00 ordu
  • Matrikula-epearen hasiera: 2020(e)ko maiatzaren 1a
  • Matrikula-epearen bukaera: 2020(e)ko ekainaren 30a

(Ohar garrantzitsua: izen ematea UPV/EHUren web orrian egiten denez, web orri hau informazioa jasotzeko erabiliko da. Barkatu eragozpenak.

Eragin Linguistikoaren Ebaluazioan (ELE) aditu tituluak lurralde-antolamenduko eta hirigintzako plan eta proiektuen inpaktu soziolinguistikoak aldez aurretik neurtzeko eta zuzentzeko tresna eraginkorrak eskainiko dizkio ikasleari.Eragin Linguistikoaren Ebaluazioa (ELE) eraikuntza berrien (etxebizitzak, industrialdeak, azpiegiturak...) balizko hizkuntz kalteak indize objektiboen bidez aurreikusten dituen prebentzio-tresna da. Eta aurreikusitako kalte horien arabera neurri zuzentzaileak proposa ditzake planifikatzaileak. Hortaz, ELE tresna garrantzitsua da bereziki udalerri euskaldunenetan jazo daitezkeen hizkuntz aldaketa negatiboak saihesteko.Euskal Autonomia Erkidegoan, gainera, 2/2016 Toki Erakundeen legeak zein hura garatzeko dekretu berriak derrigorrezko egin dute plan eta proiektuen hizkuntz inpaktuen ebaluazio prebentibo hori, baita balizko kalteak zuzentzeko neurri egokiak zehaztea ere. Eragin Linguistikoaren Ebaluazioan (ELE) aditu tituluak hori egiteko heziko du ikaslea.Gai honen inguruan aritu izan gara Gipuzkoako Foru Aldundia, Kontseilua, UEMA, Gaindegia eta UEU. Ibilbide emankorra izan da 2014an hasitakoa, 4 jardunaldirekin eta Unibertsitateko bi berezko tituluen antolaketarekin.

Aditu titulu honekin eskaintza arin eta praktikoa jarri nahi dugun gai honen inguruan interesa duten guztien eskura.

Graduondokoa UPV/EHUko Berezko Tituluen eskaintzan sartzen da, UPV/EHUko Sail bik antolatuta: Arkitektura saila eta Administrazio Zuzenbidea, Konstituzio Zuzenbidea eta Zuzenbidearen Filosofia Saila. Halaber, hizkuntza eta lurraldea lotzen dituzten alorretan lan egiten duten hainbat erakunderen irakasle biltzen dira graduondoko honen ikasketa-planean.

 

4 arrazoi titulu hau aukeratzeko:

  •     Hirigintzaren eta soziolinguistikaren artean dagoen erlazioa baloratzen ikastea.
  •     Zuzenbidearen eta soziolinguistikaren artean dagoen erlazioa baloratzen ikastea.
  •     Lurralde-antolamenduko eta hirigintzako plan eta proiektuen inpaktu linguistikoa neurtzen ikastea.
  •     Inpaktu linguistikoen arabera neurri zuzentzaile egokiak proposatzen ikastea.

Ikusi hemen 2016/2017 ikasturtean Eragin Linguistikoaren Ebaluazioari loturik aurkeztu genuen bideoa, eta hemen ikasleen bizipenak biltzen dituena.

Ezaugarri orokorrak:

  • Eskaintza erdi-presentziala da:
    • aurrez aurreko eskolak UEUko Eibarko egoitza akademikoan eta ostirala arratsaldez izango dira. 7 aurrez aurreko aurreikusten dira
    • Online-koak UEUren Ikasgela Birtualean izango dira.
  • Ikasleek, mintegietara agertzeaz gain, ikerketa lan bat ere egin beharko dute beraien interesen araberako gaia jorratuz.

UPV/EHUko titulu ofiziala izanik, izen ematea UPV/EHUko webgunetik egin behar da (ikusi beherago, "matrikulaziorako argibideak")

Helburuak

Proposatutako graduondokoak jakintza berritzaile bat sortzea du helburu, orain arte gehiegi kontuan hartu ez den harreman batean sakonduz: lurralde-antolakuntzaren eta hirigintzaren eragin soziolinguistikoan, jakintza-alor zabal horiekin zerikusia duten beste zenbait esparru ere ahaztu gabe (sozioekonomia, geolinguistika, ekolinguistika, zuzenbidea, antropologia, demolinguistika…).

Hortaz, proposamenak Euskal Herriko gizartearen garapen kulturala aztertzea eta eraldatzea du xede, haren ondare immaterial intelektual nagusi den euskara zentrotzat joz, beti ere kalitatezko goi mailako irakaskuntzaren parametroetatik abiatuta.

Proposamenak erakunde publiko eta pribatuekiko harremana lantzen du, Udako Euskal Unibertsitatea (UEU), Udalerri Euskaldunen Mankomunitatea (UEMA), eta Euskararen Gizarte Erakundeen Kontseilua graduondokoaren suspertzaile diren heinean, UPV/EHU antolatzailea izan da. Beste elkarte eta erakunderen lankidetza ere izango dugu, hala nola, Ekogunea.

Edukiak

  1. Oinarri teorikoak (3 ECTS)
  2. Oinarri juridikoak (3 ECTS)
  3. Eragin LInguistikoaren Ebaluazioa. Metodologia eta Aplikazioa. (3,5 ECTS)
  4. Proiektu tutorizatua (5,5 ECTS)

Metodologia

Etengabeko prestakuntzara eta eguneratzera bideratutako eskaintza bat izanik, edukiei lotutako kreditu erdiak aurrez aurreko eskolatan eskainiko dira (7 saio) eta beste erdia Ikasgela Birtualean landuko da. Horrez gain, ikasleek ikerkuntza lan baten bitartez maila praktikoa garatu behar izango dute, ikasitakoa barneratuz eta landuz. Lanak azken aurrez aurreko saio batean aurkeztuko dira.

Nori zuzendua

Eragin Linguistikoaren Ebaluazioan (ELE) aditu titulua bereziki interesgarria da lurralde antolamenduan eta hirigintzan aritzen diren teknikarientzat (arkitektoak, ingeniariak, geografoak, soziologoak, abokatuak...), soziolinguistikan aritzen diren teknikarientzat (euskara-teknikariak, soziolinguistak, filologoak...), zein udalgintzan aritzen direnentzat (zinegotziak, aholkulariak, idazkariak...)

Matrikulaziorako argibideak

UPV/EHUko titulua izanik, izen-ematea eta matrikulazioa UPV/EHUko Berezko Tituluen sarbidetik egin beharko da, hemendik. UPV/EHUko prozedura izanik, bertoko ikaslea ez bazara izan, prozedura berezia da eta guk lagundu ahal zaitugu bide hori egiten.

Izena emateko epea ekainaren 30era arte zabalik egongo da. Gutxieneko ikasle kopurua gaindituta, matrikulazio epea zabalduko da uztailaren 10etik 16ra, hau ere UPV/EHUren bitartez.

Halaber, edozein zalantza argitzeko, edo prozeduran laguntzarik behar izanez gero, a.latatu@ueu.eus helbidera idatz dezakezu.

Oharrak

UPV/EHUren Berezko Titulua da eta beraz, UPV/EHUko eskaintzan sartzen da, unibertsitateari dagozkio tramite administratiboak (matrikulazioa eta graduondokoaren betekizunak).

UEUtik prozesu osoan laguntzen dugu eta zalantzarik baduzu, mesedez jar zaitez gurekin harremanetan eta infomazio guztia helaraziko dizugu.

(Ainhoa Latatu, a.latatu@ueu.eus, 943821426)