BILAKETA
SALDUENAK
BILATUENAK
Esku artean duzuna, Aldiriren azken zenbakia da. Hainbat arrazoi daude hori horrela izateko. Batetik, idazle falta izan da; azken urteotan zaila egin zaigu paper-ak jasotzea, norbaiti tiraka ibili garen sentsazioa izan dugu sarritan. Izan daiteke euskaraz arkitekturaren inguruko gaiez hainbeste ez dela idazten, eta urtean lau ale argiratzeko material urria dugula pentsatu dugu. Gainera, aldizkari zientifikoa zer den eta nola funtzionatzen duen agian ez dago oso zabaldua, eta idazleak kritika jasotzea ere mingarria suertatu da kasu batzuetan. Lehen esan bezala, iritzi-artikuluak eta artikulu zientifikoak onartu izan ditugu Aldirin. Zientifiko moduan argitaratzeko baina, ikerketa arrazoitua izatea eskatu izan dugu, ikerketa-aurrekariak, garapena eta ondorioak argi adierazi beharraz. Hori garatzea zaila izaten da arkitektura eta ingurukoetan, zeinetan subjektibotasunak indar handia harzten duen. Are gehiago gure herrian, zeinean ideologiari loturiko lerratzeek pisu handia izan duten.
Beste arrazoietako bat papereko formatuaren gainbehera izan da. Gaur eguneko aldizkari (zientifiko) ugari ez dira paperean argitaratzen. Gainera, zenbakiak aurrera ateratzeak lan-karga handia eragin du eta, maila pertsonalean, ekonomikoki edota denbora aldetik ez gaudenez soberan, bada, nolabait esateko erre ere egin gara. Egoera kritikoan izan ginen Maider Uriartek 2016an utzi gintuenean, baina Erredakzio Kontseiluan jende berria sartzean beste bost urterako indarra hartu genuen.
Azken urteotan, prozesua garrantzi handiagoa hartzen ari da azken formak edo emaitzak baino, edo baliabideak helmuga baino. Hala ikusten da esate baterako parte-hartze prozesuetan, arkitektura-mailan hain garrantzitsuak bilakatu direnak. Aldiri helburu batekin jaio zen, arkitekturari buruz euskarazko materiala edukitzea, sortzea eta biltzea. Beharbada orain euskaraz aritzea izan daiteke helburua, alegia, prozesua bera euskaratzea.
Hala ere, esan beharra daukagu, eginikoarekin pozik eta harro gaudela eta etorkizunean batek daki ez ote den Aldiri antzeko proiektu bat azalduko. Pozez hartuko genuke, eta konta beza gurekin.
Erosi
Copyright @ 2022 UEU -- Bisitariak: 683568