Iñaki Queralt: “Koldo Mitxelenak bizitza osoa eskaini zion gure hizkuntzari”

Errenteriako Udalak, Udako Euskal Unibertsitatearen (UEU) laguntzarekin, euskarazko ikerketa bultzatzeko, emakumezkoen ikerketa sustatzeko, Errenteriaren inguruko ezagutza areagotzeko eta Koldo Mitxelena errenteriar filologoa omentzeko, honen izena duen ikerketa bekarako deialdia egiten du. Iñaki Queralt Coira Errenteriako agiritegi eta argitalpenetako zinegotziarekin izan gara.

XV. Koldo Mitxelena beka deialdia da aurtengoa. Zerk bultzatuta sortu zen?

Endrike Knörr EHUko Euskal Filologiako katedradun eta Euskaltzaindiaren kide izandakoak Bilduma Errenteriako udal aldizkariaren 3. zenbakian (1989) argitaratutako “Koldo Mitxelena, el hombre y el científico” bere artikuluan jaso zituen hitzek ondo adierazten dute Koldo Mitxelenaren pentsamoldea eta beka hau abian jartzeko arrazoia:

“El amor que profesaba a Euskal Herria no le impedía pedir continua y urgentemente “exogamia cultural”, de la cual él era ejemplo insuperable, y acostumbraba a decir que la mejor contribución del pueblo vasco a la Humanidad es la que aún está por llegar” ( “Euskal Herriarenganako maitasunak ez zion galarazten etengabe eta urgentziaz “exogamia kulturala” eskatzea. Horren adibide ezin hobea zen bera, eta Euskal Herriak humanitateari egindako ekarpena oraindik heltzeko zegoena zela esan ohi zuen”)

Ikus daitekeenez, Koldo Mitxelenak bizitza osoa eskaini zion gure hizkuntzari, euskarari; eta herriarekiko konpromisoa adierazteaz gain, askatasun eta demokraziaren ideiekin bat egin zuen. Errenteriako Udalaren helburua da beka honen bitartez Koldo Mitxelenak bere bizitzan landu zituen esparruetan ikerketa sustatzea: Euskal kulturaren historia, artea, soziologia, antropologia, ekonomia, hizkuntzalaritza, literatura, etnologia, zuzenbidea eta giza zientziak, oro har.

Orain bi urte lehenengoz UEUrekin batera antolatu zenuten eta baita helburuak eraberritu ere. Zeintzuk dira gaur egungo helburu nagusiak?

Aurtengo Koldo Mitxelena Ikerketa Bekaren ediziorako (XV.) aurreko deialdian berritutako helburuei eusten diegu: euskarazko ikerketa sustatu, emakumeek egindako ikerketa bultzatu, Errenteriako udalerriari buruzko ezagutza areagotu eta bekaren izena daraman filologoa omendu.

Zein aldaketa gehiago izan dira?

Duela bi urte lehenengo aldiz gaia mugatzea erabaki zen; Literatura, Hizkuntzalaritza edo Antropologiari buruzko lanak garatzeko aukera emanez. 2020ko edizioan, Errenteria hiribildu gisa eratu zenetik 700 urte betetzen direnez, eta Udalak abian jarri duen Hiri Antolamenduko Plan Orokorraren berrikuspenari keinu bat eginez, lanak arkitektura edo hirigintzari buruzkoak izango dira.

Nolakoa izan da UEUrekin elkarlana?

2018an hasitako bideari jarraipena eman nahi izan diogu izandako esperientzia onagatik. XIV. ediziorako UEUri erronka berriak ezartzen kolaboratzeko eskatu genion; aholkularitza, kudeaketa eta zabalkundearekin lagunduz. Horren emaitza dira ebaluatze irizpide eraberrituak, epaimahaikide espezializatu eta parekidea; eta hedapen masiboa.

2020/09/21

Copyright @ 2020 UEU -- Bisitariak: 683568

Gure cookieak eta hirugarrenenak erabiltzen ditugu zure nabigazio-esperientzia hobetzeko eta eduki eta funtzio berezituak eskaintzeko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, erabilera onartzen duzula ulertuko dugu. Argibide gehiago eskuratzeko: cookie-politika.