+BERRIAK
“64 begirada xake-taularen zuri-beltzetan” argitaratu berri du Gari Berasaluze Ostolaza kazetariak UEUrekin. The Queen’s Gambit telesaila ikusi eta xakearekiko sukarrak zeharo harrapatu ondoren idatzi du liburua. Bertan, dokumentazio-lan mardul baten ondorioz, xakea ardatz duten 64 istorio harilkatu ditu.
Euskal Herrian ere aspaldi errotu zen xakea, orrialde hauek erakusten duten moduan. Nafarroako Erresuman xakean aritzen ziren, batez ere gortean. Landucciren, Larramendiren eta Pouvreauren hiztegiek xakeari buruzko euskarazko aipamenak zituzten, eta 1897an xakeari buruz aritu zen Euskalzale aldizkaria. 1911n, berriz, xakearen historia aldatu zuen Donostian jokatutako Nazioarteko Xake Txapelketak. Xakeari buruzko euskarazko lehen liburua, berriz, euskal presoek idatzi zuten, Soriako kartzelan. Atarrabiako ikastolako haurrei Anatoli Karpov bisitan joan zitzaien, eta euskal selekzioak sobietarren selekzioaren aurka jokatu zuen. Baina bada askoz gehiago ere orrialde hauetan. 64 ataletan bilduta daude guztiak. 64 begirada, kazetaritza, historia, zientzia, geopolitika, feminismoa eta beste hainbat alorretan barrena bidaia atsegina egiteko moduan. Gozatu partidarekin.
Copyright @ 2022 UEU -- Bisitariak: 683568